Mariana Enriquez argentinar idazlea izango da 2025eko bigarren Literaktum Topaketan gonbidatu. Ekitaldia irailaren 17an izango da, 19:00etan, Okendo Kultur Etxean. Sarrera librea izango da aretoa bete arte eta Begoña del Teso kazetaria izango du solaskide.

2025.09.09
Kultura Ministerioa (Arg.), CC BY-SA 4.0

Mariana Enriquez (Buenos Aires, 1973) kazetari eta idazlea da, eta gaur egun Página/12 egunkariko Radar gehigarriaren editoreordea da. Beldurrezko generoko ipuin eta eleberriekin egin da ezagun, egunerokoaren alderik ilunetik abiatuta eraikitzen duen izu atmosferikoagatik. Besteak beste, Cómo desaparecer completamente, Nuestra parte de noche (Herralde Nobela Saria eta Kritikaren Saria), Los peligros de fumar en la cama edo Las cosas que perdimos en el fuego lanak argitaratu ditu, azken hori hogei herrialdetan baino gehiagotan.

Okendon egingo den topaketan, Enriquezek Begoña del Teso kazetariarekin solastuko da Cómo desaparecer completamente eleberriaren berrargitalpenaz eta bere kazetari eta idazle ibilbideaz. Literaktum Topaketak egitasmoak nazioartean ezagunak diren edo beren ibilbideagatik errekonozimendua jaso duten idazleak gonbidatzen ditu Donostiara urtean zehar. 2021etik hona, Selva Almada, Jhumpa Lahiri, Olga Tokarczuk Nobel sariduna, Maxim Ósipov eta azkenik Jonathan Coe izan dira partaide. Mariana Enriquezen topaketa izango da 2025eko azaroaren 10etik 23ra egingo den Literaktum Jaialdiaren aurrekaria.