8.200 lagunek parte hartu dute 2025ko Literaktumen
Jende ugari hurbildu da heldu eta haurrentzat antolatutako 53 ekitaldietara.
Literaktum, Hitzen jaialdiak, azaroaren 10etik 23ra egin du aurtengo bidea, hainbat erakunderekin elkarlanean. 8.200 lagunek hartu dute parte, heldu zein haurrentzat antolatutako 53 jardueretan.
Niaren oihartzunak: bakardadea eta nortasuna aro globalean izan du gai nagusia jaialdiak, galdera pertsonal eta unibertsal bat proposatuz: nola definitzen dugu gure burua bakardadea gero eta lagun ohikoagoa bihurtu den mundu global honetan? Gai nagusi honen harira izan dira Literaktumen: Arantxa Urretabizkaia, Julen Apella, Belén Gopegui, Eider Rodriguez, Carys Davies, Samantha Schweblin, Laura Chivite, Ignacio Martínez de Pisón eta baita Lourdes Oñederra ere.
Jaialdiaren gai nagusiaz haratago bestalde, Juan Manuel de Pradak, Fernando Navarrok, Juan José Millásek, Ignacio Peyrók, Javier Sierrak, Javier Cercasek, Harkaitz Canok eta Agata Loth Ignaciukek denetariko lan berriak aurkeztu dituzte. Jane Austenen jaiotzaren 250. urteurrenean, idazle britaniarraren inguruko hirugarren entsegua aurkeztu du Espido Freire bilbotarrak.
Idazleekin solasaldiez gain beste jarduera mota ugari izan ere dira, hala nola: Kutxa Fundazioa Irun Literatura Sariak, non eleberria eta olerkia modalitatea saritu diren euskaraz eta gaztelaniaz, Ángel Marcoren Antonio Machadoren lanen errezitaldia, Iban Zaldua eta Ibil Bediren Bihar, atzo, gaur, bihar irakurraldi musikatua, La doble vida de Virginia Woolf antzezlana, Pleibak eleberriak oinarritutako bertso saio literarioa, El Principito irrati antzerkia, Intxaurrondo K.E.n eta Loiola K.E.n egin diren errezitaldiak, Ipuin kontalarien XI. maratoia, Virginia Woolfen Dalloway andrea eleberrian oinarritutako literatur solasaldi eta afari literarioa, Joxan Oizen Amazurtza lanean oinarritutatko ibilbide eta solasaldi literarioa eta jaialdia itxi duen Eskusoinu ibiltaria kontzertu eszenikoa.
Guzti hauetatik, arrakastatsuak gertatu dira bereziki Juan Manuel de Prada, Juan José Millás eta Javier Cercasen saioak, eta Victoria Eugenia Clubean izandako Ángel Marcoren ekitaldia, Antonio Machado 150, Iban Zaldua eta Ibil bedi, Bihar, atzo, gaur, bihar kontzertuarekin, eta Iñaki Salvador eta Miren Gabirondoren Eskusoinu ibiltaria.
Oraindik era ikusgai dauden erakusketak ere izan dira Literaktumen: Nerea Urrestarazuren Isola erakusketa, Ernest Lluch K.E.n, 72kilos ilustratzailearen Emozioetatik marrazketara, eta Ignacia Zabalo Nor-Nai-ren omenez Aiete K.E.n, antolatutakoak eta baita Okendo K.E.ko Liburuaren arbola eta Bazen behin.
Literaktum Txikiak ere, parte hartze esanguratsua izan du. Ipuin kontalariak, antzezlanak, Haurren Egun Unibertsalaren 9. festa, ilustratzaileekin tailerrak eta baita, Gregorio Murok sortutako Iker eta Ixone pertsonaien abenturak gai izan duen Ilustrazio Lehiaketak besteak beste, osatu dute progama. Bosgarren urtea du Ilustrazio Lehiaketak eta 222 marrazkik hartu dute parte.
Donostia Kulturak antolatuta, Literaktumek lankidetza-sarean du bere indarguneetako bat. Aurten ere, Kutxa Fundazioa, Donostia Gazteria, Donostiako Udaleko Kultur Aniztasunaren eta Giza Eskubideen Bulegoa, Gipuzkoako Liburu Denden Elkartea, Biblioteka Narodowa, Euskal Irudigileak, Euskararen Etxea, Mestiza Elkartea eta Metro Bilbao izan ditu bide lagun jaialdiak.
Literaktum, literaturaren urteroko festa amaitu da, baina oraindik egileek hausnartu eta esan dutena entzuteko aukera dago jardueren podcastak entzunez, Literaktum, Donostia Kultura Irratia, DK ON! webguneetan eta podcast plataforma nagusietan.