Harkaitz Cano Lasarte-Oria, 1975
© Sushi Maky
Ia genero guztiak landu ditu Harkaitz Canok. Silueta (Susa, 2025), Fakirraren ahotsa (Susa, 2018) eta Twist (Susa, 2011; Euskadi Literatura Saria) eleberriak argitaratu ditu, besteak beste, eta Ulu egiteko bolondres bila (Susa, 2023) zein Pozaren erdia (Susa, 2022) poema bildumen egilea ere bada. Saiakeran, aldiz, Kandelikara (Donostia Kultura + Euskadiko Filmategia, 2021) eta Zinea eta literatura (Elkar, 2008) argitaratu ditu. Baina beti aitortu izan du Canok narrazio laburra duela kuttun: genero honetan kokatzen dira Beti oporretan (Susa, 2015) eta Neguko zirkua (Susa, 2005) lanak. Sylvia Plath, Hanif Kureishi, Raymond Carver, Anne Sexton eta Allen Ginsberg ekarri ditu euskarara, eta haren lana dozena bat hizkuntzatara itzulia izan da. Lankidetza estuan aritzen da euskal ilustratzaile, koreografo zein kantariekin.