Iñaki Salvador

Piano-jotzaile, musikagile, moldatzaile. Piano, harmonia eta konposizio ikasketak egin zituen. Musika modernoari eta jazz-ari dagokionez, funtsean modu autodidaktan formatu zen, eta eskola magistralak eta orientazioa jaso zituen Richie Beirach, Lluis Vidal eta Jean-Luc Vallet bezalako maisuengandik.

Espainiako jazz musikari garrantzitsuenenekin hainbat kontzertu eta grabaziotan parte hartu du. Garrantzitsua da, aldi berean, nazioarteko bere kolaborazioen zerrenda: Allan Skidmore, Jean Toussaint, Jesse Davis, Charles Tolliver, Alvin Queen, e.a. bezalako izenekin. Kontzertuak eskaini ditu bertako eta nazioarteko jaialdietan, hala nola Donostiako Jazzaldian, Gasteiz eta Getxoko jaialdietan, Madrilgo nazioarteko jazz jaialdian edo Baiona (Frantzia), Bucarest (Errumania), Quito eta Guayaquil (Ekuador), Manizales (Kolonbia), Manchester (Erresuma Batua), Berlín (Alemania) eta beste hainbatetan eta baita New York hirian bakarkako piano kontzertu batetan.

15 disko argitaratu ditu bere taldeen buru gisa eta 100 disko baino gehiagotan kolaboratzaile bezala agertu da mota guztietako talde eta bakarlariekin, estilo sorta zabala landuz, musika klasikoarekin hasi eta rock edo musika herrikoiarekin bukatu arte.

Sariak jaso ditu, hala nola, I Premio Tete Montoliú, Catalunyako piano jotzaile apartaren omenez Madrilen sortu eta eskainitako sari nazionala. Sari ugari jaso du jaialdi desberdinetan bakarlari gisa eta baita Televisión Españolako Jazz entre amigos saio mitikoak eskaintzen zuen saria ere. Zinea, antzerkia, telebista eta dantzarako musika konposatzen du. Max sarietan finalista izan da bi aldiz eszenarako bere musika sorkuntza lanarengatik. Premio Donostiako Jazzaldia 2020 saria ere jaso du.

Oso berezia izan zen Mikel Laboarekin batera egin zuen lana: 25 urte eman zituen bere ondoan, bai kontzertuetan, bai grabazioetan ere. Euskal Herriko Goi-mailako Musika Ikasketen Eskolan (Musikene) Jazz departamentua jarri zuen martxan, gaur egun bertan Piano-jazz modalitatean irakasle delarik.