Yolanda Arrieta

Usurbilen bizi da orain. Ipuinetik bizi da, aspaldiko lemari fidel: jana gorputzerako, lagunak bihotzerako eta kontuak arimarako. Bakarkako lana sormen eta formazio-tailerrekin uztartzen du, ahoz nahiz idatziz, baina hogeita hamar urte daramatza liburuak egiten, batik bat, Haur eta Gazte Literaturan. Mari Xor (2018) ipuin ilustratua, Klasikoak gaur: Mari Xor (2018) saiakera liburua edota Bizenta txiki (2018) Bizenta Mogeli buruzko biografia irudiduna dira argitaratu dituen azken-aurreko lanak, guztiak Denonartean argitaletxean, bertan argitara eman dituelarik, baita ere, Kulun-kuttunak kanta-poema bilduma eta beronekin loturiko Aho bete amets: ahozko haur poesiaren alde ohar-liburua (2016), edota Argiaren alaba gazteentzako eleberria (2015eko Gazte Literaturako Euskadi Saria). Iragana gaurkotu ahala geroa eraikitzea atsegin du eta horren lekuko dira Atãria (2019) eta Txokolãtegia (2020) lanak, edota Mari Gonagorri eta hamazazpi berri (2023ko Lizardi Saria). Ikuspegi dibergenteak eta molde hibridoak atsegin ditu Literaturan, horietaz dihardu bere Zerak (2021) liburuan. Geuretik Sortuak bekarekin idatzitako Estekak (2022) lanean, berriz, Etxarri-Aranazko jendeari eta ondareari egiten die keinu, fantasia eta poesia lagun hartuta. Etxe bat aldarrikatzen du bere azken lanean, ametsak ontzen jarraitzeko etxe bat.

Elkarrizketak