Irati Goikoetxea

Iruñea eta Beasain artean bizi da. Matematikan lizentziatua, matematika irakaslea da Bigarren Hezkuntzan. Azken urteotan Nafarroako Gobernuko Memoriaren eta Bizikidetzaren Zuzendaritza Nagusian dihardu lanean, Bizikidetza atalburu.

Txikitatik landu ditu bertsoa, poesia eta narrazioa eta zenbait sari jasotakoa da. Ordiziako irakurle-taldeko gidari lanak egiten ditu eta hogeita bi urte daramatza anaiarekin batera larunbat goizetan Segura Irratiko Itaka sormen saioa zuzentzen. Euskalerria Irratian eta El Diario Vascon ari da zutabegile. Argitaratutako lanak: Arraroa (Mensajero Ediciones, 2010) album ilustratua, Andraizea (Erein, 2014) ipuin-liburua eta Herriak ez du barkatuko (Elkar, 2021) eleberria. Orgasmus (Txalaparta) lan kolektiborako Inurriak eta elefanteak ipuina idatzi zuen. Udazken honetan Alberdania argitaletxeak argitaratuko du Herriak ez du barkatuko lanaren gaztelaniazko itzulpena, Fernando Reyk itzulita.