Pianoko goi mailako ikasketak Donostiako Francisco Escudero Goi Mailako Musika Kontserbatorioan amaitu zituen eta ondoren baita jazz musikako ikasketak egin ere, Bartzelonako Taller de Musics-en. Hamaika disko argitaratu ditu bere izenean. hasierako jazz eta bluesetik hasi eta azkenengoetako ganbera-musikaraino. Horietako batzuk besteak beste, Harkaitz Cano, Patxi Zubizarreta, Jose Luis Zumeta, Dora Salazar, Jose Inazio Ansorena edo Ángela Molinarekin partekatuak. Hauetako azkena, Existentzia minorrak (2019), Donostiako Victoria Eugenia Antzokiko Club aretoan grabatutako bakarkako piano-lana da.
Hainbat soinu-banden konpositorea ere bada Joserra Senperena: Caminho Longe (Josu Martinez, 2020), Lur eta Amets (Joseba Ponce, Imanol Zinkunegi, 2020), Egunak eta lanak (Fermin Etxegoien, 2019), Nur eta Dragoiaren Tenplua (Juanba Berasategi, 2017), Sipo Phantasma (Koldo Almandoz, 2016), eta La Ballena Real (Julio Medem, 2016) dira horietako batzuk.
Urte luzez, Espainiako pop-rock talde garrantzitsuenekin grabatu eta biratu du: Fito & Fitipaldis, Duncan Dhu, La Buena Vida, Rafael Berrio... Espainian, Erresuma Batuan, AEBetan eta Frantzian grabatutako 100 disko baino gehiagotan parte hartu du, nazioarteko izen handiko musikari eta ekoizleekin: Greg Leistz, Rusty Anderson, Pete Thomas, Fred Maher, Joe Blaney, edo Colin Farleyrekin.