Literatura beste hainbat diziplinekin elkarrizketan eta gaur egungo eztabaidei lotuta. Literatura festa partekatua eta edonori irekia. Literatura irakurleen eta idazleen arteko topagune gisa. Horiek guztiak dira Literaktum - Donostiako literatura jaialdiaren nortasun ezaugarriak.
Narratiba, poesia, saiakera, antzerkia, kazetaritza, performanceak, musika, zinema, ilustrazioa, gastronomia, komikia. Ibilbide sendoa duten egileak eta etorkizun oparoa dutenak. Solasaldiak, aurkezpenak, tailerrak, erakusketak, ibilaldiak, proiekzioak. Guztiak eta guztiek dute lekua Literaktumen.
Izan ere, literatura mestizoa, anitza eta babelikoa da: mundua zein haren barne gauden gu geu arakatzen duen hitzen sare mugagabea. Horren haritik, edonork bere liburua, egilea edo jarduera topatu ahal izateko bideak proposatzen ditu Literaktumek.
Literaktum, halaber, sarean lantzen den jaialdia da. Energia-batuketa bat, hitzen eta lengoaien hirian hedatzen dena. Horretarako, kolaboratzaile sare zabal batekiko elkarlana sustatzen du Donostia Kulturak, literaturara ikuspuntu guztietatik eta publiko ororengana hurbiltzeko xedearekin.
Programazio orokorra. Jaialdiaren muina da, eta oro har, edizio bakoitzeko gai desberdinak lantzen dira, literatura eta mundua etengabe aldatzen ari direlako.
Liburu lurraldea. Liburu-denda lotura literarioen gune gisa hartuta: solasaldiak, aurkezpenak, irakurketak...
Jarduera bereziak. Literaktum modu irekian eta mestizoan hurbiltzen da literaturara, eta hori agerian geratzen da formatu eta kolaborazio berezietan.
Erakusketak. Diskurtso literarioari indarra ematen diote ilustrazioak, argazkigintzak eta arte plastikoek.
Literaktum Txikia. Txikientzako jaialdia ere badu Literaktumek: ipuin- kontalariak, antzerkia, jarduera bereziak, tailerak eta musika etorkizuneko irakurleentzat.
Literaktum Topaketak. Hiriko literatur jaialdiaren eskutik sortu den ekimen berria da Literaktum Topaketak.
Egungo literaturako idazle nabarmenenak urtean zehar gurera hurbiltzen jarraitzeko eta haien ibilbide eta proiektuak hiriko literatur zaleekin partekatzeko anbiziotik jaio da.
Horrela, azaroan Literaktum Jaialdiak eskaintzen duen programazioari beste hainbat topaketa berri eta esanguratsu gehituko zaizkio urteko data ezberdinetan.
Beste hizkuntza, diziplina eta eztabaida batzuekin lotura eginez literaturara hurbiltzeko helburu nagusiarekin, eta kolaborazio sare bat azpimarratuz, Literaktum Jaialdia funtsezko hitzordua bilakatu da gure hiriko literaturan, baita hiritik kanpoko literaturan ere.
Literaktum Topaketak jarduerak beste eragile eta erakunde batzuekin lankidetzan aritzeko aukera emango du, Literaktum Jaialdia urtean zehar ere presente egon dadin literaturaren panoraman eta herritarren kultur agendan.
Zuzendaritza eta Koordinazioa
Donostia Kultura (Kultur Ekintza Saila)