Lumineszenteak: emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak

Asteartea, 2022(e)ko azaroa(r)en 22-(e)an

Egileek azaroaren 23ko 19:00etan aurkeztuko dute proiektua Okendo K.E.-n.

Emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak eta erresilientzia historia zenbait batzen dituen erakusketa azaroaren 8tik urtarrilaren 28ra bitarte egongo da ikusgai Okendo K.E-an. Bertan, Igone Mariezkurrena kazetariaren eta Irantzu Pastor argazkilariaren proiektuan oinarritutako lanak ikusi ahal izango dira.

Lumineszenteak proiektuak diskurtso nagusietan lekurik ez duten emakumeen bizitza historiak eta irudiak batzen ditu. 2018-2021 bitarte, Palestinan, Indian, Lakota Nazioan eta Euskal Herrian bertatik bertara dokumentatutako narrazioak eta material grafikoa dakartza. Material horretatik abiatuta Luminiszenteak liburua ondu dute egileek; bertan, 63 emakumeren testigantzak eta erretratuak jaso dituzte. Egileek jendaurrean aurkeztuko dute proiektua azaroaren 23ko 19:00etan. Ekitaldia euskaraz izango da Okendo K.E.ko eraikin historikoan.

Erakusketak izen bereko liburua du oinarri, haren laburpen edo lagin bat da eta, orotara, 4 herrialdetako 24 emakumeren testigantzak eta irudiak dakartza. Testuinguru oso gogorretan jaio eta hazi arren, aurrera egin eta ingurukoen artean indarra eta kemena kutsatzeko gai diren emakumeak dira obra honetan protagonista. Emakumeen inguruko diskurtso homogenizatzaileak apurtu eta, horien ordez, begirada konplexuagoak bideratzeko saiakera bat da.

Egileen arabera, indarkeria patriarkalaren adierazpen-sorta zabala generoarekin, arrazarekin, etnizitatearekin, klasearekin eta sexualitatearekin nola gurutzatzen den ulertzeko ahalegin bat da. Gorputz bortxatu eta pasiboen ideia alde batera utzi eta, horren ordez, beren burua defendatzen duten eta aurka egiteko gai diren gorputzen ideia indartuko duten narratiba berriak sortzeko ekarpen bat da proiektu hau. Iluntasunean argia igortzeko gai diren izakiak dira luminiszenteak.

 

2023 © copyright
Donostia Kultura