Gaiak

Literatura eta zinema

Bestelako lengoaia eta diziplinekin elkarrizketan literaturara hurbiltzea da Literaktum jaialdiaren nortasun ezaugarria. Baita literatura irakurleen eta idazleen arteko topagune izatea ere.

Badira 70 urte Nazioarteko Zinema Astea sortu zela Donostian, bokazio zinematografiko eta komertzialarekin sortu ere. Donostia Zinemaldia 70. ediziora heldu da, sortu zeneko gogo bizi berberaz eta abiatu zenetik etenaldirik gabe. Urteurren hori aintzat hartuta, Literaktumek Literatura eta zinema izango du ardatz aurtengo edizioan.

Literaturak hitza du osagai nagusi, zinemak berriz, irudia baina biek partekatzen dute helburu bera: lengoaiaz haratago, emozio eta sentimenduak sentiaraziko dizkiguten istorioak kontatzea. Film bilakatu diren eleberriek beteko dute aurtengo programazioaren parte garrantzitsuena. Literaturatik zinemarako eraldaketan horretan, bi sorkuntza horien konparazioen zuzentasunaz hitz egingo dugu, zeren, ba al dago zer konparatu? Edo idazle batek dioen moduan, traizioa al da film bihurtzean eleberri bati gerta dakiokeen hoberena? Zer irabaz edo gal dezake eleberri batek film bilakatzean? Eta idazleak? Denek irakurtzen al dugu eleberri berbera? Beti al da hobea nobela? Ba al dira filmean pentsatuz idazten duten sortzaileak?

Idazle, gidoilari eta zinema zuzendariak izango ditugu galdera guzti hauei erantzuteko solasean. Lehenengoen artean, ibilbide luzea izan eta beren hainbat eleberri film bihurtuta ikusi dituzten Eduardo Mendoza eta Lorenzo Silva. Baita Jesús Carrasco edo idazle moduan La señora March lanarekin estreinatu berri den Virginia Feito.

Abdellah Taia idazle marokoarra Salbazioko armada eleberriaren idazle eta filmaren zuzendari moduan izandako esperientziaz arituko da. Gabriela Ybarra eta Ángeles González-Sinde, hurrenez hurren El comensal-en idazle eta zuzendaria ere izango dira literatura jaialdian eta baita Miren Gorrotxategi eta Jon Arretxe idazleak ere.

Literatura eta zinemaz haratago, beren lan berriez arituko dira Héctor Abad, Isaac Rosa, María Oruña, eta baita Iban Zaldua ere, Literaktumek aurkezten du atalean.

98ko belaunaldiaren adierazgarri, Pío Baroja jaio zela 150 urte beteko dira aurten. Erakusketa batek eta Soledad Puértolas eta Luis Antonio de Villenaren arteko solasaldiak ekarriko digute gogora idazle donostiarra. Juan San Martin sortu zela ere, 100 urte bete dira ekainean. Oier San Martin semeak azalduko dizkigu aitak euskal literaturaren inguruan eginiko ekarpenak.

Erakusketak, antzerkia, bertso saio literarioa, errezitaldi musikatua, eta baita Zinemaldiaren Donostia Sarien inguruan Katixa Agirrek idatzitako lana ere izango dira Literaktumen. Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sariak, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik izango dugun poesia irakurketa musikatu eta mahai inguruak eta James Joyceren Ulisesengan inspiratutako afariak ere osatuko dute programa, haurrentzako jarduerez betetako Literaktum Txikia ahaztu gabe.

Erakunde eta kultur eragile anitzez osatutako sarean elkarlanean landutako proposamena da, helburu komuna ardatz hartuta: hiri osoan hedatzen den literatura festa.

2023 © copyright
Donostia Kultura