Gaiak

Literatura eta Memoria

Bidea abiatu zuenetik, literatura eta gizartearen arteko konexioak arakatzea izan da Literaktumen helburuetako bat. Baita literatur sorkuntzaren alderdi ezberdinetan murgiltzea ere. Ildo beretik ekingo dio aurten ere jaialdiak eta gizartean azken urtetan darabilkigun gaia ekarriko du Literaktumeko plazara: memoria. Literatura eta memoria.

Literaturaren arloan, iragana gogorarazten duten forma literarioekin lotzen da memoria maiz, orainera eta etorkizunera zabalduz; nobela, antzerkia, poesia historikoa, biografia eta autobiografia. Gizakiok gogoratzen duguna gara, memoria gara. Eta memoria da hain zuzen, literatur sorkuntzaren oinarrizko osagaietako bat eta horien artean, garrantzitsuena. Sortzailea bizi, sentitu eta irakurri izandakoaz hornitzen da istorio berriak sortzeko. Elementu autobiografikoez betetako istorioak asmatzen ditu. Ez dago memoriarik ordea, bere antagonista edo aurkakoa den ahanztura gabe, horrek emango bait dio bide, imaginazioari, sorkuntzari. Memoria, ahanztura eta imaginazioaren artean bizi da literatura.

Gai honen inguruan, nazioarteko literaturaren izen esanguratsuak biltzeko ahalegin berezia egin du aurten Literaktumek. Hainbatetan Literatura Nobel sarirako izendatu duten David Grossman israeldarra, 2016ko Goncourt sariaren irabazlea, Leila Slimani, edota Ciudad sumergida eleberrian aitaren istorio ezkutuaren berri ematen digun Marta Barone gaztea izango dira literatur jaialdian. Baita, haurtzaroan kolonizazio garaian Maputon bizi izandakoa bildu duen Isabela Figueiredo eta En tiempos de contagio entseguan pandemiaren inguruko hausnarketa egin duen Paolo Giordano italiarra ere.

Beren azken lanen berri emango digute, memoria ezin hobe lantzen duen idazle batek, Luis Landerok, familiaren historia gorabeheratsua bildu duen Borja Ortíz de Gondrak, Kataluniako gertuko historian murgildu den Jordi Amatek edo Sira, azken nobelaren protagonista berreskuratu duen María Dueñasek. Literaktumen izango dira baita ere Edurne Portela, Javier Cercas, María Belmonte eta Manuel Jabois.

Labetik atera gabeko sorkuntzez ere hitz egingo dugu, Eider Rodriguez eta Kirmen Uriberekin eta duela 100 urte sortu zen Martin Ugalde, XX. mendearen bigarren erdialdeko euskal kulturaren arloko figura garrantzitsuenetakoa gogoratuko dugu Anjel Lertxundiren ahotan. Aurelia Arkotxak eta Jean Dèsyk, idazle quebectarrak, akulturazioa, kolonialismoa eta kultur aniztasunaz diotena entzungo dugu Etxepare Institutuaren eskutik.

Eta izango dira diziplina arteko beste proposamen batzuk ere, literatura beste hizkuntza batzuekin elkartuko den unea; hala nola, Unisonoa-n, Irati Jimenezen Begiak zabalduko zaizkizue saioan eta Los hermanos Machado antzezlanean.

Luis Buñuelen gaineko Harkaitz Canoren azken lanak, biografia eta karigrafia ikastaroek, irrati tailer batek, erakusketek, Lauki Makala instalazioak eta Literaktum Txikiak, urtez urte hazten doan haurrentzako jarduera-programak ere, osatzen dute literatura hiri osora zabalduko duen jaialdiaren programa.

2022 © copyright
Donostia Kultura