Gaiak

Literatura eta Feminismoa

Literaktumek garai honetako literaturaren eta gizartearen arteko konexioak arakatzen ditu beti, eta gaur egun, eztabaida publikoaren erdigunean diren auzi ugari eta larrien artean, beharbada ez da izango borroka feminista baino sakonera eta indar handiagokorik. #MeToo, M-8 edo Manadaren epaia adibide batzuk besterik ez dira, mundu osoan behin betiko eztanda egin duen kausa baten erakusgarri. Eta literatura borroka horren funtsezko motorretako bat da. Literaktum 19k programaren ardatz nagusi bihurtu ditu literaturaren eta feminismoaren arteko loturak, emakume idazle sorta nabarmen bat bilduz era askotako gaiak jorratzeko. Izan ere, feminismoa ez da berdintasun osoaren aldeko borroka bakarrik.

Mugimendu kritikoa ere bada, gure sistemaren kontraesan eta bidegabekeriak agerian jartzen eta desmuntatzen dituena, bazterraldeak aldarrikatzearekin eta indarrean dauden ereduak auzitan jartzearekin batera. Baina, ardatz nagusi horrez gainera, Literaktum 19ren programak bide egiten die beste eztabaida batzuei ere. Poesiaren eta pentsamenduaren arteko lotura, Europaren kultura-, hizkuntzaeta literatura-aniztasuna, edota identitate nozioa auzitan jartzea izango dira jaialdi honetan jorratuko diren beste gai batzuk.

Literaktumek aurkezten du sailean, berriz, Bernardo Atxagaren, Ibon Martínen eta Karmele Jaioren azken eleberriak aurkeztuko zaizkigu. 2019an bete dira 50 urte euskal literaturaren modernotasunerako gako izan zen liburu bat argitaratu zenetik: Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako. Literaktum 19k ere bere alea jarri nahi du moderniaren sorburuko idazlan horri omenaldi eginez, nola eta erakusketa baten, literatura ibilbide baten eta mahai inguru baten bidez. Baina Saizarbitoria ez da izango.

Literaktum 19n omenduko den euskal idazle bakarra: Joxean Artze oroituz ikuskizunak Usurbilgo sortzaile 2018an zenduaren poesia- eta musika-ibilbidea berrikusiko du. Eta izango dira beste proposamen diziplinarteko batzuk ere, non literatura beste hizkuntza batzuekin elkartuko baita, hala nola Teatro del Temple eta Tanttaka Teatroaren Abre la puerta edota Harkaitz Cano, Maite Larburu eta Ion Olanoren Bestaldearen Bestaldean. Erakusketak, filmak, mikroeztabaidak, Dickensengan inspiraturiko literaturaafari bat eta Literaktum Txikia, haurrentzako jarduera-programa, zeina haziz baitoa edizioz edizio: horiek ere osatzen dute sareko jaialdi hau, zeinaren programa hiri osoan barrena zabalduko baita literaturaren festa handia ospatzeko.

2020 © copyright
Donostia Kultura