Arte Dramatikoan lizentziatu zen, Donostiako Antzerki Eskolaren lehen promozioan, 1983an. Orduz geroztik, antzerkian, zineman zein telebistan dihardu lanean.
Zineman, Montxo Armendarizen Tasio filma izan zen bere lehen lana 1984an. Hogeita hamar film baino gehiagotan parte hartu du, eta protagonista izan da Ander eta Yul, Sukalde kontuak eta Operación comète filmeetan. Azken urte honetan, Gracia Querejeta eta Daniel Calparsoro zuzendarien filmeetan parte hartu du.
Telebistan ere bete ditu protagonista paperak, besteak beste, ETBko zenbait telesailetan: Jaun eta jabe, Maité, Señorío de Larrea, Ander eta Konpainia, Martín, Mugaldekoak, Goenkale... Euskal Herriko zein Espainiako beste hainbat serietan ere parte hartu du, azkena Allí abajo arrakastatsuan.
Antzerkian berrogeitik gora antzezlanetan lan egin du, esaterako, Arlekino servidor de dos amos, Paradero desconocido, Nasdarovia Chejov, Sueño de una noche de verano, eta gaur egun, Dublineses lanean.
Zuzendari eta zuzendari ondoko lanetan ere aritu da, mikroteatroan aktore eta irakurketa dramatizatuetan...
Gaztelaniaz, euskaraz eta frantsesez egiten ditu lanak, eta egun, aktore lanarekin batera, eleberriak idazten dihardu, bere bizitzaren garai honetan hartutako erronka gisa.