Harkaitz Canok Donostian burutu zituen Zuzenbide ikasketak, baina idaztea izan du beti ogibide. Twist nobela (2011) da argitaratu duen fikziozko azken literatur lana. Telebista eta komiki gidoilari gisa aritua da, eta irudiaren munduarekiko bere kezkak aletu zituen saiakera batean: Zinea eta literatura: begiaren ajeak (2008). Haur literatura ere idazten du tarteka. Diziplina ezberdinen arteko nahasketarako bere joeraren erakusle dira, bestalde, hainbat artista plastiko, musikari eta dantzarirekin elkarlanean burututako egitasmoak. Birritan irabazi du Euskadi Saria eta beste bi aldiz Espainiako Kritikarena. Nederlanderaz, galegoz, grezieraz, ingelesez, gaztelaniaz, errusieraz, alemanez eta italieraz irakur daitezke bere liburuak.