Euskal Herritik lan egiten duen musikaria, soinu-artista, ekoizlea eta kazetaria. Telebista, irratia, prentsa idatzia, bideoa, zinema edo Internet euskarriekin egiten du lan, eta bere lanaren ezaugarri nagusia entzumenari eta soinugintzari lotutako alorren inguruko jakin-mina da.
Alor eta jatorri desberdineko hainbat artistarekin lan egin du, estudioan nahiz zuzenean; besteak beste: Mattin, Eddie Prevost, Ilios, Alan Courtis, Maialen Lujanbio, Arantxa Iturbe, Iñigo Telletxea... Gaur egun, Billy Bao, Ornitorrinkus edo Soinumapa.net egitasmoetan ari da lanean, eta zeinbat zinema zuzendariren filmetarako soinu-bandak konposatzen ditu. Hainbat nazioarteko sari jaso ditu lan horiengatik.
Azken 15 urteotan Beran ospatzen den Ertz-Bertze Musiken Jaialdiaren zuzendarietako bat da, soinu-arteari eskainitako hainbat egitasmo, ekitaldi ziklo eta erakusketetan komisario lanak bete ditu, eta Artelekuko ekoizpen-zentroaren soinu departamentua zuzendu zuen (2000-2014).
Hainbat komunikabiderekin kolaboratzen du, bereziki musikari eta entzumenaren kulturari eskainitako irratirako lanak eta iritzi artikuluak idatziz. Audiolab elkarteko kide da.