Euskal idazle eta irrati-esataria da. Informazio-zientzietako ikasketak egin zituen Nafarroako Unibertsitatean, eta 80ko hamarkadaz geroztik, Euskadi Irratian egiten du lan, kazetari gisa. Goizean behin irratsaioan aritu da bereziki, eta bertan esatari eta zuzendari moduan egindako lanagatik Kazetaritzako Rikardo Arregi saria jaso zuen 2000. urtean.
1992an bere lehen ipuin liburua argitaratu zuen, Ezer baino lehen, eta urte berean, berak idatzitako Maite, maite, maitea irrati-nobela eman zuen irratiak. 1995. urtean, Lehenago zein berandu ipuin bilduma idatzi zuen, 13 testu laburrez osatua. Pertsonen arteko harremanak dituzte ardatz bi liburuok, emakumeek protagonismo handia dutela. 1999an, Ai, ama! saiakera idatzi zuen, eta amatasunaren arazoez, zalantzez eta eragindako pozez hausnarketa egin zuen. Arrakasta handia eskuratu zuen lan honekin, eta Hika taldeak oholtzara eraman zuen 2001ean.
Iaz, Koaderno zuria eta Honetara ezkero liburuak kaleratu zituen; lehena, Hikak taularatua, eta bigarren, gizon eta emakumeen arteko harremanak lantzen dituen ipuin bilduma.