Literaktum programazio aurrerapena: Pío Baroja, literatura berria eta zinema

Asteazkena, 2018(e)ko urria(r)en 24-(e)an

Literaktum jaialdian Pio Baroja izango dugu Donostian, belaunaldi berrien literatura, eta zinema ere bai. Hemen uzten dizuegu programazioaren bigarren aurrerapena.

Pio Baroja Donostian

Literaktumek askotariko diziplinei heltzen die eskaintzen duen programa zabalean, eta antzerkiak ere badu bere lekua. Aurten ere, ibilbide literario bat proposatzen du Klasikoak atalean, euskal idazle bat antzezlan baten bidez gehiago ezagutzeko xedearekin. Pio Barojaren bizitza, obra eta bestelako kontuak jakinaraziko dizkigute Tanya de la Cruz, Joxemari Karrere eta Anartz Zuazua aktoreek prestatu duten ibilbidean. Protagonista Shanti izango da, udaleko langilea bera, eta Barojazale amorratua. Idazle donostiarra ahantzita dugula aitzakiatzat hartuta, gaur egunera gonbidatuko du. Beraz, bere garaiko lekuak bisitatuko ditu Barojak, eta Donostiarekin izandako lotura azalduko digu umore zorrotzez.

Azaroaren 24an da hitzordua, 11:00etan, Okendo plazan hasiko da eta Parte Zaharrean amaitu. Jarduera euskaraz izango da eta parte hartzeko nahitaezkoa da aurretiaz izena ematea: Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu .

Belaunaldi berrien literatura

30 urtetik beherako idazle gazteen literatura ere ardatz izango da Literaktumen. Esti Martínez eta Peru Iparragirre euskarazko literatura berriaren ahots interesgarrienetako bi dira, eta idazle belaunaldi berriei, idazketa-estiloei zein beste hainbat gairi helduko diete Zergatik idazleak? izeneko mahai-inguruan, Samara Velte kazetariaren gidaritzapean. Azaroaren 19an izango da, San Jeronimo aretoan.

Ikuspegi hau osatzeko, bestalde, Gazteak eta irakurketa gaiaz eztabaidatuko dute eremu hori hurbiletik ezagutzen duten hiru solaskidek: Imanol Epelde irakasle eta blogariak, Maialen Berasategi kazetariak eta Larraitz Idarreta liburuzainak. Gazteak irakurtzera nola zaletu eta beste hainbat gai izango dituzte hizpide, azaroaren 20an, San Jeronimo aretoan. Uxue Alberdi idazlea arduratuko da mahai-ingurua gidatzeaz.

Zinema

Euskadiko Filmategiarekin elkarlanean, ...-ren gustukoena programaren barruko film emanaldia eskainiko da jaialdiaren baitan. Saio honetan, Edurne Portela idazle santurtziarrak hautatu du minari lotuta gustukoen duen filma: Michael Hanekeren Das Weisse Band (La cinta blanca). 1913an kokatzen da filma, Alemania iparreko herrixka batean, I. Mundu Gerraren bezperan. Nazismoaren jatorriaz gogoeta egiten du istorio horrek.

Azaroaren 22an izango da ikusgai Tabakalerako 1. zinema aretoan, 3,5 euroren truke eta jatorrizko bertsioan, azpitituluekin. Idazleak filma hautatzeko arrazoiak azalduko ditu bertan.

Informazio gehiago: www.literaktum.eus.

2019 © copyright
Donostia Kultura Donostiako udala