Programazio aurrerapena: Sonetos, Paddington eta Literaktum Txikia

Sonetos

Asteazkena, 2018(e)ko urria(r)en 17-(e)an

Literaktum jaialdian antzerkia izango dugu ere, eta hala, Amor Oscuro (Sonetos) antzezlana ikusgai egongo da Lugaritz kultur etxean Viridiana konapainiaren eskutik. Horrez gain, literaturarekin loturako hainbat erakusketa izango ditugu, horien artean aipatzekoa da Paddington hartzari eskainitakoa. Aurten ere, Literaktum Txikia osatuko dute jarduera sorta eder bat prestatu dugu.

Antzerkia:

Literaktumek diziplina anitz hartzen ditu aintzat, horien artean, antzerkia. Klasikoak atalean, Amor oscuro (Sonetos) lana erakutsiko du Viridiana antzerki taldeak Lugaritz kultur etxean, azaroaren 18an. Emanaldi berezi honetan, 60 lagun bilduko dira oholtzan, Javier García Ortega aktorearen inguruan, eta Federico García Lorcak orain 50 urte idatzitako bertso ezezagunez gozatzeko aukera izango dute. Hamaika pertsonaiek josten dute istorioa, hamaika poemaren bidez. Sarrerak salgai daude dagoeneko 6 eurotan www.donostiakultura.eus webgunean.

Erakusketak:

Literaktum 18 edizioak hiru erakusketa hartuko ditu bere baitan, horietako bi txikienei eskainita. Paddington izeneko hartza erakusketa azaroaren 9an inauguratuko dute Aiete kultur etxean. Michael Bondek idatzitako A Bear Called Paddington (Paddington izeneko hartza) ingelesezko klasikoan oinarritzen da erakusketa. Liburua 1958an argitaratu zen estreinakoz, Peggy Fortnumen ilustrazioez lagunduta. Ilustrazio horiek, hain zuzen ere, izango dira ikusgai Aieten, bai eta Londresko Paddington inguruko beste hainbat elementu ere.

Itsaspeko bihotzak erakusketak, aldiz, genero berdintasunaren gaia lantzeko aukera eskainiko du, ibilbide pedagogiko-artistiko baten bidez. Horrela, eszenografia bat osatuko da musika, ikus-entzunezkoak, ilustrazioa, genero berdintasuna eta pedagogia uztartuz. Galtzagorri Elkartearekin elkarlanean landutako erakusketa da eta azaroaren 13an zabalduko da Konstituzio plazako Mandasko Dukea aretoan.

2017ko Euskadi Literatur Sariak izango ditu hizpide Okendo kultur etxeko erakusketak. Horrela, saritutako liburuen azalak jarriko ditu ikusgai, bai eta horien idazleen biografiak zein liburuaren nondik norakoak jasotzen dituzten 7 panel ere.

Literaktum Txikia:

Haurrek ere lekua izango dute Literaktumeko programazioan. Guztira, sei antzerki emanaldi eskainiko dira zenbait kultur etxetan, literatura, musika eta ilustrazioa oinarri dituztenak: Ipuinak dantzan (azaroak 16, Loiola kultur etxea), Txitxarra eta inurria (azaroak 17, Aiete kultur etxea), Peru eta otsoa (azaroak 17, Ernest Lluch kultur etxea), Itsaspeko bihotzak (azaroak 17, Haur Liburutegia), Galtzagorriak (azaroak 20, Aiete kultur etxea) eta Aita Manuelen ipuinak (azaroak 21, Okendo kultur etxea).

Bestalde, Paddington 2 filma eskainiko da Aiete kultur etxean azaroaren 24an.

Informazio gehiago: www.literaktum.eus

2019 © copyright
Donostia Kultura Donostiako udala