Kazetaritza eta literatura, urteak dira biak ofizio dituela Iruñean bizi den bizkaitar honek. Kazetari gisa prentsa idatzian, irratigintzan eta telebistan trebatu da, nahiz eta gaur egun interneterako aholkulari gisa jarduten duen, Gara egunkariarekin, Euskadi Irratiarekin eta Radio Euskadirekin kolaboratzeaz gain. 2006an, Bat, bi, Manchester izeneko bere lehen eleberriak Augustin Zubikarai saria irabazi zuenetik beste hainbat narrazio eta saiakera argitaratu ditu. 2008an Igartza Sariaren accesita irabazi zuen Nora ez dakizun hori eleberriarekin, baita Beterriko Liburua saria ere, hurrengo urtean. Liburu horrek batu zituen, hain zuzen, bere eta Pettiren ibilbideak, gaztelaniazko itzulpenaren aitzakiarekin egindako emanaldia izan baitzen elkarrekin egin zuten lehen lana.