Literaktum 17: Balorazioa

Astelehena, 2017(e)ko azaroa(r)en 27-(e)an

Literaktum jaialdiak aurten ere zituen aurreikuspenak bete ditu: 58 jarduera; 4.000 pertsonatik gora; 56 gonbidatu; streaming bidezko emanaldiak; elkarlanean sakontzea eta bi astez Donostia hitzen hiria bilakatzea.

LITERAKTUM 17: ELKARLANAREN ARRAKASTA

Sara Mesa eta Marta Sanz idazleen solasaldiarekin amaitu zen aurtengo Literaktum jaialdia joan den larunbatean. Programazio zabala, haurrei zuzendutako programazio berezia eta kolaborazio sare handia izan dira aurtengo jaialdiaren ardatzak, eta ekitaldiek, oro har, izandako arrakasta izan da emaitza. Datuei erreparatuta, 4.000 pertsonatik gora izan dira programatutako 58 jardueratan, zazpi erakusketetara egindako bisitaldiak barne hartuta.

Arlo eta diziplina desberdinetan lanean diharduten 56 gonbidatuk parte hartu dute, eta literaturaz zein beste zenbait gairi buruzko ikuspegi eta iritzi desberdinak plazaratu dituzte.

Azpimarratzekoak dira zenbait hitzaldik eragin duten interesa eta jakin-mina, eta esate baterako, gainezka egon ziren Almudena Grandes, Rosa Montero, Ignacio Martínez de Pisón eta Bernardo Atxaga, Iván Repila eta Sergio del Molino idazleen hitzaldiak eta elkarlanean landutako Mikel Ayestaran, Ane Irazabal eta Karlos Zurutuza kazetarien solasaldia. Sartu ezinik geratu zen jendea hitzaldi horietan, eta kanpoan pantailak jarri ziren zenbait kasutan. Liburuak sinatzeko ilarak luzeak izan ziren ere gonbidatu gehienen kasuan.

Jaialdiaren hedapenari dagokionez, webgunetik eta sare sozialetatik egunero informazioa jariatzeaz batera, aurten, estreinakoz, lau saio zuzenean eskaini ditugu www.literaktum.eus kanaletik streaming bidez: Ekialde hurbila, muinak eta ertzak solasaldia eta David Foenkinos, John Banville eta Sara Mesa eta Marta Sanzen hitzaldiak.

Elkarlanean landutako jarduerak ere arrakastatsuak izan dira, besteak beste, EHUrekin Sinposiotik palestrara filosofiari buruzko saioa, liburu-dendekin egindako hitzaldi eta solasaldiak, Euskadiko Filmategiarekin aurkeztutako Ramon Saizarbitoriaren film gustukoena edo Nosferatu zikloko Metropolis filmaren emanaldia. Madame Bovary klasikoaren gaineko solasaldiak eta afariak erabateko arrakasta lortu zuten, eta 75 lagun elkartu ziren Gastronomiazko Euskal Anaiartean egindako afarian. Victor Hugoren urratsei segika ere 45 lagun elkartu ziren larunbatean Pasaian, aurreikusitako eguraldi kaskarrari aurre eginez.

Udaberritik udazkenera aldatu da aurten Hitzen hiria eta aldaketak uzta oparoa eman duela esan dezakegu. Jaialdiaren berri jaso daiteke www.literaktum.eus webgunearen bidez, eta bertan ikusgai dira saioetako argazkiak zein bideoak.

2019 © copyright
Donostia Kultura Donostiako udala