Programazio aurrerapena: Wangari Maathai-ri buruzko erakusketa, Wikilantegia eta Ekialde Hurbila

Wangari Maathai

Asteartea, 2017(e)ko urria(r)en 24-(e)an

Literaktum jaialdian Wangari Maathai eta bakerako zuhaitzak erakusketa eta lantegia izango dugu Aitziber Alonsoren eskutik. Aurten ere Literaktum Wikilantegian etorriko diren idazleen artikuluak sortu eta gaurkotuko dira. San Telmon, Ekialde Hurbila, muinak eta ertzak liburuaren inguruko mahai ingurua egingo da Mikel Ayestaran, Ane Irazabal eta Karlos Zurutuzarekin batera.

Erakusketak eta lantegiak

Erakusketen arloan, aurten Literaktumen Wangari Maathai eta bakerako zuhaitzak erakusketa izango dugu Aiete Kultur Etxean, azaroaren 10etik aurrera. Erakusketa honek, giza eskubideen eta ilustrazioaren gaiak modu ederrean eta pedagogikoan uztartzen ditu. Erakusketan Aitziber Alonso ilustratzaileak Maathai ekintzailearen bizitza islatzen du, Uxue Alberdiren hitzen eta Xabi Payaren itzulpenaren laguntzaz.

Wangari Maathai ingurumenaren aldeko ekintzailea izan zen eta 2004an Bakearen Nobel Saria eskuratu zuen garapen sostengarriaren, bakearen eta demokraziaren alde egindako lanagatik.

Erakusketaz gain, ilustrazio tailerra ere egingo da azaroaren 25ean 17:00etan Aiete Kultur Etxeko Haurtxokoan Aitziber Alonsoren eskutik.

Jaialdian izango dugun beste lantegi bat dagoeneko iaz arrakastatsu gertatu zen Literaktum Wikilantegia da. Helburua Literaktumera etorriko diren idazleei eta artistei buruzko artikuluak Wikipedian sortzea, osatzea edo gaurkotzea da. Sarrera librea da eta ez da beharrezkoa izango Wikipediaren inguruan ezagutza izatea. Wikiliburutegiak proiektu zabalaren barruan txertaturik, jarduera hau azaroaren 23an egingo da 17:30ak eta 20:00ak bitarte Fermin Calbeton kaleko Haur Liburutegian.

Ekialde Hurbilari buruzko mahai-ingurua

San Telmo Museoan egingo diren jardueren artean, Ekialde Hurbila, muinak eta ertzak mahai ingurua egingo da izen bereko liburua egin duten hiru egileekin: Mikel Ayestaran, Ane Irazabal eta Karlos Zurutuza. Azaroaren 15ean 19:30an izango da eta Jaime Otamendi izango da moderatzailea.

Liburuaren gaia aitzakitzat hartuta, goian aipatu hiru kazetari horiek 2011ko Udaberri Arabiarrean nabarmendu ziren herrialdeen iragana, oraina eta etorkizunaren inguruan mintzatuko dira.

2019 © copyright
Donostia Kultura Donostiako udala