Azaroaren 14tik 25era izango da Literaktum 17

John Banville

Asteartea, 2017(e)ko urria(r)en 17-(e)an

Literaktum jaialdia jantzi berriz eta indarberrituta iritsiko zaigu datorren azaroaren 14tik 25era. Edizio berezia izango da, lehenik eta behin, jaialdiaren datak maiatzetik azarora aldatu baitira. Horrekin batera, irudi berria, atal berriak eta kolaborazio sare zabalagoa erakutsiko ditu. Lehen izenak ere konfirmatuko ditugu: John Banville, David Foenkinos, Rosa Montero eta Uxue Alberdi.

Literaturaren izen handiak ez dira faltako edizio honetan. Horrela, John Banville idazle eta gidoigile irlandarra (zenbait lanetan Benjamin Black ezizena erabiltzen duena) bere ibilbide literarioa errepasatu eta nobelaz duen ikuspegiaz mintzatuko da San Telmo Museoan azaroaren 23an. Donostian izango dugu, halaber, David Foenkinos idazle frantziarra. Besteak beste, La delicátesse eta Charlotte eleberriekin arrakasta lortu ondoren, Le mystère Henri Pick nobela izango du hizpide, berriki gaztelaniara itzulitakoa (La biblioteca de los libros rechazados). Koldo Mitxelena Kulturunean egingo da azaroaren 22an.

Rosa Montero idazle eta kazetari madrildarra, besteak beste, idaztearen lanbidearen inguruan mintzatuko da, Escribe con Rosa Montero idazketa lantzen hasi nahi dutenei zuzendutako koadernoa oinarri hartuta. Halaber, urte luzeetako literatura eta kazetaritza ibilbidea xehatuko du Altzako Casares-Tomasene Kultur Etxean azaroaren 15ean.

Euskal literaturak ere izango du tartea Literaktumen, eta beste zenbait egile eta jardueren artean, Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak kaleratu berri duen Jenisjoplin eleberria aurkeztuko du Liburutegi Nagusko an Jeronimo kaleko aretoan, azaroaren 16an. Ainhoa Agirreazaldegi bertsolaria izango du solaskide.

Aurtengo gaiak

Edizio honetako gai nagusiak nobela eta historiaren arteko harremana, utopiaren indarra –eta haren itzal distopikoak– eta liburu ilustratua izango dira. Literaturaren eta musika, zinema, pentsamendua, komikia, kazetaritza, gastronomia edo paisaiaren arteko harremanak ahantzi gabe.

Sarean egiten den jaialdia da Literaktum, energia-batuketa bat, eta hiri osoan hedatzen da kultur etxeak, San Telmo museoa, Liburutegi Nagusia eta Koldo Mitxelena Kulturunea ardatz hartuta. Literaktum jaialdiko jarduera guztiak irekiak dira, jarlekuak bete arte.

Hamaika egunez luzatuko den programazio anitzaren aurrerapen bat besterik ez da honako hau. Datozen egunetan izango da programazioaren xehetasun gehiago ezagutzeko aukera, eta informazio osatuagoa www.literaktum.eus webgunearen bidez eskura daiteke.

2019 © copyright
Donostia Kultura Donostiako udala