Literaktum 2014: balantzea

Osteguna, 2014(e)ko maiatza(r)en 22-(e)an

Maiatzaren 17an amaitu zen Literaktum jaialdiaren 2014ko edizioa. Hona hemen antolatzaile gisa egiten dugun balorazioa, egun hauetan ateratako hainbat argazkirekin lagunduta.

Aurtengo edizio honetan Literaktumek hainbat helmuga erdietsi ditu maila kuantitatiboan zein kualitatiboan. Ikusmin handia sortu du programak eta aurreikusitako ikusle kopurua luze gainditu du.

Alta, ez da hori gure jaialdi honetako helburu nagusia. Izatez, ekitaldiak mamitsuagoak eta aberatsagoak izatea lortu dugu, eta horren adibide ona, idazleen eta irakurleen artean antolatu ditugun kafe solasaldiak (Bernardo Atxaga, Petros Márkaris, Dolores Redondo eta Clara Sánchez). Dudarik gabe, buruz buruko topaketa hauek beste sakontasuna ematen diotela idazleen eta irakurleen arteko harremanari.

Honez gain, lortu da literatura beste lengoaia batzuekin nahastea, diziplinartekotasuna, berritzaileak eta esperimentalak gertatzen diren moldeetan aritzea. Edipotoa, Desertuko biztanleei buruz, Etxepare Rap, Invención de la piel… diziplinarteko jolasaren isla izan dira.

Literaktumek izan ditu ahotsak (idazleenak, poetenak eta mikro-ipuin idazleenak) eta hor egon dira ahotsari musika jarri diotenak ere: Mursego, Anari, Giorgio Bassmatti, Imanol Epelde…

Eta izan ditu gidariak ere: Ekain Perez, Jon Obesoren poema kulunkarien txalupa-zaina, laguntzailea; Jose Ignazio Ansorena, Pepe Artola erriko shemearen berreskuratzaile, eta egun batez, patxientxi-banatzailea. Hor egon ziren ere aurkezpen lanak egiten eta saioak gidatzen Teresa Flaño, Teresa Calo eta Enrique Martín.

Haurrek eta familiek izan dute bere lekua gure jaialdian, Aiete Kultur Etxean, TIK-TAK, Araoz Gaztetxo abesbatzaren ipuin musikala eskaini baigenuen.

Eta azkenik, eguraldia lagun, festa bihurtu genuen amaiera, Urumea Bazter goxoan. Musika Parkeanekin bat eginik, Iban Zalduak eta Ana Moralesek Ana Malagonen mikro-ipuinak irakurri zituzten, halako irakurketa batean ezohikoa den jende multzo handiaren aurrean.

Mila esker Literaktumen parte hartu duzuen guztioi eta mila esker ere gerturatu zareten guztioi, esnatu gintuen oilarretik hasita, Desertuko lehengo biztanlea, Urumea Bazterreko ahateetaraino.

2019 © copyright
Donostia Kultura Donostiako udala Donostia 2016